Koordenatuak: 42°50′29.4″N 2°47′12.48″W (Mapa)
Iruña-Veleia Arabako Iruña Oka udalerrian kokatutako aztarnategi historikoa da, lurralde historikoan dagoen garrantzitsuena, Erromatar Inperioaren garaikoa. Zadorra ibaiak sortzen duen bihurgune baten erdiko muinoan kokatzen da, ingurunearen baliabide topografikoak baliatuz, Arkitz deituriko herrixka indigenaren gainean, Tresponde eta Biloda herrien artean, Gasteiztik 11 kilometrora.
Eduki-taula[ezkutatu]
|
Iruña-Veleiako aztarnategiak 1.500 urteko historia biltzen du.
Iruña guneko lehen finkamendua Brontze Arokoa omen da, K. a. I. milurteko osoan hedatu zena. Topatutako etxeak laukizuzen eta zirkulu erakoak dira, gertuko Atxako herriskan aurkitutakoen antzerakoak. Erromatarren garai aurreko Zaldizkoaren estela da nabarmentzeko aurkikuntza.
Iruña-Veleiak kokapen garrantzitsua eduki zuen Ab Asturica Burdigalam erromatar bidean. Horixe uste izan da, gutxienez, hiria Antoninoren Ibilbi-dekoVeleia zelakoan, horren froga irmorik topatu ez bada ere.
Erromatar oppiduma IV. mendekoak omen diren harresiez gotortua dago. 1.200 m. luze diren harresiek antzinako hiriaren zati bat ixten zuten, 11hekta-reako azalerakoa. Harresiak eraikitzeko lehenagoko beste eraikin batzuen osagaiak probestu ziren (zutabe-zatiak, esaterako).
Iruñako aurkikuntzak XVI. mendean jada hasi ziren, 1585ean Arkaia doktoreak «hantxe aurkitutako estatuak» aipatu baitzituen. Urte hartan aurkitu zuen aztarnategia Diego Salvatierrak.
Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoaren domusa eta Pompeya Valentinaren domusa.
Pertsona-izenak ez diren lehen euskarazko hitz idatziak, Antzinako Egiptokohistoriari buruzko hieroglifoak eta kalbarioaren irudikapenik zaharrena aurkitu zituztela zabaldu zuten 2006ko ekainaren 8an.[1] Susmo ugari sortu zen, ordu arte Antzinako Erromaz, Antzinako Egiptoz eta aitzineuskaraz jakinak ziren datuekin bat ez zetozelako eta «aurkikuntza» horiek guztiak kamerek erregistratu gabe egin zirelako, besteak beste.
Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk zuzendutako indusketa taldeak hitzeman zuen 2006a bukatu baino lehen argitaratuko zuela txosten bat. Ez zuten hala egin, eta 2007ko abuztuan Gilek adierazi zuen txostena 2008ko urtarrilerako izango zutela; baina hil horretara iristean, Filloyk iragarri zuen 2009rako egingo zutela txostena. Bien bitartean, Eliseok eta Filloyk adituei ukatu egiten zieten ostrakak aztertzeko aukera; susmoak zabalduz zihoazen.[2]
2008aren bukaeran, Arabako Foru Aldundiko agintea Alderdi Popularrareneskuetatik EAJren eskuetara igaro zenean, erakunde horrek ikerketa sakona egitea agindu zuen azkenik, eta Administrazio publikoek gai gutxitan erakutsi duten bezainbesteko gardentasunez eman zuen ikerketa horien berri.[3]Aldundiak Iruña-Veleiako taldearekin adostuta izendatutako aditu batzordeak ondorioztatu zuen aurkikuntzak faltsuak zirela.[4] Arabako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Lorena Lopez de Lacalleren esanetan, «Iberiar penintsulan sekula izan den iruzur arkeologikorik handiena» izan da.[5] Londresko University Collegeko irakasle Dominic Perringek adierazi du « ondo landutako iruzurra » dela. Aitzineuskarako epigrafian aditu gorenetakoa den Joakin Gorrotxategik idatzi du Iruña-Veleiakoa « iruzur arkeologikorik bitxiena eta, neurri batean, ikusgarriena » izan dela.[6]
Iruña-Veleian XX. mendeko euskaraz idatzitako testuak agertu ziren, norbaitek erromatar garaikotzat mozorrotuak.[7] Euskarazko lehen hitz ez-onomastikoak (ez-pertsona-izenak) aurkitu omen ziren, etxe baten azpian topatu ere. Hondakinen artean, zeramikazko eltze zatiak aurkitu omen ziren, bertan euskarazko esaldi laburrak ageri zirela. Grafito izena hartzen dute. Hauek dira hasieran argitaratu zirenak[8] (alboan, grafia gaurkotuan):
2006an, oraindik datu asko falta zirela (izan ere, «aurkikuntza» horietan urratsak ez ziren ordena egokian egin: aurkitu-egiaztatu-iragarri egin beharrean, ohiko egiaztapen zientifikoak egin gabe aurkeztu zitzaizkion «aurkikuntzak» prentsari[9]), zenbait ikerlarik erromatar garaikoak zirela esan zuten, latindar alfabetoan idatziak baitaude. Oinarri ziren zeramika zatiak erromatar erako ceramica sigillata eltzeak ziren eta etxearen zimentazioa egiteko erabili omen ziren. Hori guztia aintzat hartuta, eta espektroskopia nuklearreko analitiketan oinarrituta (gero, adituek ikertzean, analitika horiek gainerako frogak bezain faltsuak direla jakin zen),[10] idazkunak III.etik VI. mendera bitartekoak izan zitezkeela adierazi zuten «aurkikuntzak» egin zituen taldeko kideek, 2006an.[11]
Euskararen lurralde eremuak historian izan duen bilakaerari dagokionez, nahiz eta ostraka horiek faltsuak diren, badira hainbat froga, garai hartan inguru horretan euskaraz egiten zutela (edo, zehazkiago, euskararen aurrekari zen hizkuntzaz egiten zutela) pentsarazten dutenak : halaxe erakusten du Iruña-Veleiatik 137 kilometrora dagoen Lerga herrian aurkitutako hilarriak (euskal izenak dakartza, latinezko testuan), bai eta Durruma nahiz Santikurutze Kanpezu aldean —gaur egungo Arabako lurretan, Iruña-Veleiatik 50 kilometrora— aurkitutako baskoi erako hilarriek ere.[18]
Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mende arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu omen zen, gela hertsi batean. Oihartzun handia izan zuen hedabideetan : « munduan parekorik ez duena », « erromatar garaiko garrantzitsuenetakoa » zela zioten. Hasierako une haietan ere, zenbait arkeologo eta euskaltzain mesfidati agertu ziren.[21] Ondorengo hauek aurkitu omen ziren, besteak beste :
Multzo epigrafiko honen garrantzia Pompeia, Erroma edo Vindolanda (Ingalaterra) aztarnategietan egindakoekin alderatu zuten ikerlari batzuek, espezialistek faltsutzat jo baino lehen.